malab1t.gif


Bigarren mundu-gerra

Gerra piztu zenean, milaka euskaldun mobilizatu zituzten eta fronteetara bidali.


1940ko maiatzeko eta ekaineko alemaniarren erasoak denbora gutxian garaitu zuen frantziar armada. Azkenean, armadan sartu ziren
milaka euskaldunek eta gainerako frantziarrek antzeko bukaera izan zuten: lehenik atxiloketa eta gero presoaldia Alemaniako preso-eremuetan, lan behartua, eta soilik batzuetan, ihesa eta etxera buelta, sarritan abentura arriskutsuak pasatu ondoren.

Ipar Euskal Herriko biztanle gehienei, batez ere sufrimendua ekarri zien gerrak, Alemanian preso zeuden ahaide eta lagunengatik. Behe Pirinioetako departamenduko 13.500 lagunetatik, 5.000 inguru Ipar Euskal Herrikoak ziren. Hemen ez zen borrokarik izan, frontea urrun
samar zegoelako. Kontuak horrela, 1940ko ekainaren 22an sinatutako armistizio-klausulei jarraiki okupatu zuten Ipar Euskal Herria.
Klausula horien arabera, frantziar estatuko lurraldea bi zatitan banatua geratzen zen, benetako muga egiten zuen “demarkazio-linea”
baten bitartez: alde batetik "zonalde okupatua" zegoen, non okupazio-tropek aginte zuzena baitzuten, eta bestetik, zonalde ez-okupatua,
edo “zonalde librea” ere deitzen zutena, Pétainen gobernu kolaborazionistaren agintepean.

Euskal Herri kontinentala ere naziek kontu handiz zaintzen zuten linea horrek zatitu zuen. Linea Arnegitik abiatu eta Donibane Garazira zihoan, eta handik gora Donapaleuraino, Salies de Bearnen irteteko.

1940ko ekainaren 27an, lehen unitate motorizatu alemaniarrak iritsi ziren Baionara. Hurrengo egunetan euskal kostaldera inguratu
ziren, eta baita barrualdera ere. Muga zaintzen zuten aduanako alemaniar tropez aparte, eta poliziaz aparte –bereziki
Gestapokoak–, Ipar Euskal Herrian gelditzen ziren tropa naziak atseden hartzera etorritako unitateak izaten ziren beti, frontetik horretara propio etorriak, edo bestela denboraldi baterako berrantolatzera bidaliak. Inoiz ere ez ziren bertan denbora luzean geratzen.

Bi estatuen arteko muga zeharkatzea bihurtu zen Ipar Euskal Herrian nazismoaren aurkako Erresistentzian zebiltzanen jarduerarik inportanteenetakoa, estatuetako bata formalki neutrala (Espainia) izaki.

1944ko martxoaren 27an, Iparramerikako “Liberator” hegazkinek Miarritze eta Angelu bonbardatu zituzten. Parmako aireportua eta tren-geltokia zituzten jomuga. Hala ere, biktima gehienak zibilak izan ziren: Miarritzen 90 hil zituzten eta Angelun 41. Horixe izan zen
gerrako gertakaririk lazgarriena Ipar Euskal Herrian.

1943an zehar Erresistentzia-mugimenduak sendotuz joan ziren, izan ere, beren artean koordinatu nahian ibili ziren, batu nahian,
Londresetik bultzatuta.

Aliatuen Normandiako lehorreratzeak, 1944ko ekainean, defentsiban jarri zituen naziak Frantzian. Hegoaldean egindako bigarren lehorreratzeak –Proventzan, 1944ko abuztuaren 15ean– Hego-mendebaldeko tropa naziei Iparralderantz alde eginarazi zien, su-lerro
biren artean harrapaturik geratu baino lehen. Abuztuaren bigarren zatian, naziek arrapataka egin zuten ihes Pirinio aldetik, altxamendu orokorraren erdian talde armatuak gertutik erasoka zituztela.

Liskar batzuen ondoren, Atharratzeko alemaniar goarnizioa errenditu egin zen abuztuaren 23an. Horixe izan zen armekin lotutako
gertaera nagusia Euskal Herri kontinentalaren askapenean.1944ko abuztuaren 22 eta 24 bitartean amaitu zen, hain zuzen, okupazioa. Abuztuaren 24an, arratsaldean, Maule, Navarrenx, Kanbo eta beste leku batzuetatik etorritako erresistentziako kideak kamioiz sartu ziren Baionan. Hala ere, Ipar Euskal Herria askatu arren, gerra zortzi hilabete pasa luzatu zen, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta
Nafarroako euskaldunek modu aktiboan hartu zuten parte borrokan, ia erabat askatuta zegoen Frantziako azken zokoetatik naziak botatzeko ahaleginean.

Alemaniarrek Frantzia okupatu zuten garaian, frantziar lurraldean errefuxiatutako penintsulako euskaldun ugari Erresistentzian eta makian
ibili ziren. Horietako asko Espainiako Batasun Nazionalaren (UNE) barruan egin zuten borroka, hots, Espainiako Alderdi Komunistaren erakunde frontista baten barruan. Erakunde horren helburua zera zen: behin Pirinioetako mugako zonaldea askatu ondoren, gerrillari-taldeak batu eta Espainia frankista inbaditzeko prestatzea