EGIPTO

Nekazaritza zen Egiptoarren bizibide nagusia. Zerealak ereiten zituzten batez ere (garia, garagarra, oloa eta artatxikia), eta ogia eta garagardoa egiten zituzten horiekin, horiexek baitziren beren elikagai nagusiak; lihoa ere lantzen zuten, eta jantziak egiten zituzten, landare horretaz. Baratzetan, lekariak eta barazkiak (dilistak, babarrunak, tipulak, baratxuriak, porruak, uhazak...), mahatsondoak eta fruta-arbolak landatzen zituzten (datilak, pikuak, granadak, algarroboak...). Nilo ibaiaren ertzean hazten zen landare bat, papiroa, erabiltzen zuten paper moduko bat egin, eta bertan idazteko, baita lokarriak, otarrak, alfonbrak, sareak eta itsasontziak egiteko ere.
egipto00.jpg
Nilo ibaiaren urak kontrolatzeko eta erabiltzeko teknikak garatu zituzten, eta horrela, dikeak, urari eusteko baltsak, eta ura banatzeko ubideen sareak egin zituzten. Horretaz gain, uhaldien ezaugarriak aurretik ezagutu ahal izateko, zenbait tokitan tresna batzuk kokatzen zituzten. Lurrean harririk eta belar txarrik ez zegoenez, erabiltzen zituzten goldeak oso sinpleak ziren, eta ia aldaketarik gabe iraun zuten milaka urtetan.
Abeltzaintzan, artzain lanak egiteaz gain, etxaldeetan animaliak hazten eta zaintzen zituzten. Ahuntzak, ardiak, txerriak, ahateak, antzarak eta kurriloak hazten zituzten, eta hainbat zereginetarako, astoen eta behien indarraz baliatzen ziren. Askoz beranduago hasi ziren zaldiak eta gameluak erabiltzen.

Ehizean ere egiten zuten, ibaiertzean (hipopotamoak, hegaztiak) eta basamortuan (ostrukak, antilopeak, erbiak, basa-astoak...), eta amuak, sareak eta arpoiak erabiltzen zituzten arrantzarako.

Gainera, artisau onak ere bazeuden: harginak, meatzariak, eskultoreak, margolariak, zurratzaileak, urreginak, igeltseroak, arotzak, armaginak... Horien lanek kalitate handia izan arren, Egiptoko gizartean ez ziren beste langile batzuen pareko hartzen.

Herrialdeak behar zuena ekoizten zuenez, ez zuen beste herrialde batzuekin merkataritza-harreman handiegirik izan. Luxuzko gauzak eta produktuak (zedroa, olioak, lurrinak, intsentsua, zilarra, bolia...), beste lurralde batzuetara egiten ziren bidaietan lortzen zituzten. Horrelako bidaiak, gobernariek eta apaizek antolatzen zituzten eta eskuratu nahi zituzten produktuen truke, papiroa, oihalak, eta arrain lehortua eskaintzen zituzten. Monumentuak eta jauregiak egiteko behar zuten harria, urrea, kobrea, eta antzeko metal eta produktuak, basamortu inguruetatik lortzen zituzten. Barne-merkataritza, batez ere Nilo ibaian nabigatzen zuten itsasontzien bidez, egiten zen.

Etxe guztiak buztin eta lastozko pezoz egiten ziren, eta altzariak oso xumeak ziren. Herriak ibaiaren ondoan osatzen ziren, baina goialdeko lurretan, uhaldiak saihesteko. Etxeek bi edo hiru solairu zituzten eta tenpluen edo administrazio-etxeen inguruan kokatzen ziren. Etorbide handiak izan ezik, gainerako kale guztiak nahiko estuak ziren, eta zolatu gabe zeuden. Garai batean, herriaren inguruan harresiak eraiki ziren. Harresiez inguratutako herri txikiak ere bazeuden.

Lihozko jantzi xumeak erabiltzen zituzten, kolore zurikoak gehienak. Gizonezkoek gona motzak janzten zituzten, eta hotza egiten zuenean, tunika janzten zuten. Emakumeek alkandora luze moduko bat erabiltzen zuten, eta orkatilaraino iristen zitzaien. Beroa zela eta, askotan langileak, emakumeak eta umeak biluzik ibiltzen ziren. Oinutsik ibiltzen ziren, baina batzuetan, sandaliak ere janzten zituzten, papirozkoak pobreenek, eta larruzkoak aberatsek eta apaizek.
Garbi eta txukun ibiltzeari garrantzi handia ematen zioten: olioz igurzten zuten gorputza, begiak margotzen zituzten eta lurrinak ere erabiltzen zituzten. Ilea ez zuten gogoko eta, horregatik, buruko eta gorputz osoko ilea erabat mozten zuten. Bitxiak eta gorputza apaintzeko, apaingarriak erabiltzen zituzten, hala nola, gerrikoak, eskumuturrekoak, belarritakoak...
Elikagai nagusiak ogia eta garagardoa ziren, baina baita lekaleak, frutak, berdurak, txerri, ardi eta idi haragia, eta arraina ere. Era askotako pastelak egiten zituzten, eta eztia eta datilak erabiliz, gozatzen zituzten. Aberatsek, gainera, ardoa edaten zuten eta ehizatutako harrapakinen haragia jaten zuten.

Jai handiak egiten zituzten, eta hegaztiak harrapatzeko, Nilo ibaian itsasontzietan txangoak eginez, taula-jokoetan jolastuz, istoriak irakurriz eta entzunez, edota kirolen bat eginez, (xabalina-jaurtiketa, igeriketa, arku-tiroa, edo borroka adibidez), pasatzen zuten aisialdia. Musika entzutea gustatzen zitzaien; otoruntzetan, adibidez, arpaz, lautez edo haize-instrumentuz lagunduta kantatzen zuten musikariek, eta baserritarrek eta arrantzaleek abestiak sortzen zituzten

boto0012.gifAntolamendu sozial eta politikoa


egipto02antolaketa.jpg


Egiptoko gizartean oso hierarkia zorrotza zegoen. Botererik handiena zuen pertsonaia, faraoia zen. Errege eta, aldi berean, jainkoa zenez guztiek miresten zuten. Gainera, aginte administratiboa, erlijiosoa eta militarra zuen. Faraoiaren betebeharrak, besteak beste, Egiptoar guztien ongizateaz arduratzea eta bere herrialdea defendatzea ziren.

Faraoiaren zerbitzura funtzionario eta administratzaile ugarik lan egiten zuten eta horiek faraoiaren aginduak betetzen zituzten, bakoitzak zituen arduren arabera. Horien artean, eskribak, eta zituzten zeregin nagusiak, aginduak idaztea, bildutako uztaren kopuruak idatziz jasotzea, eta ekonomi-jarduerak eta zergen ordainketa kontrolatzea ziren. Apaizek ere, gizarte-talde garrantzitsua osatzen zuten, aberastasun ugari bildu baitzuten.

Biztanle gehienak nekazariak ziren, eta lantzen zituzten lurren jabearen menpe zeuden. Lur horietako gehienak, faraoiarenak edo tenpluenak izaten ziren. Horien lana eskribek kontrolatzen zuten, eta uhaldietan, hilobiak eta eraikin ofizial eta erlijiosoen eraikuntzan lan egiten zuten askotan.

Esklaboak ere baziren. Gehienak, gerran preso hartutako gizon-emakumeak ziren, eta tenpluetan, jauregietan eta etxe partikularretan lan egiten zuten. Eskubide batzuk bazituzten, eta tratu txarrak jasaten bazituzten, jabeak sala zitzaketen. Okerren bizi zirenak meategietan lan egiten zutenak ziren; klimagatik eta lana oso gogorra zelako, heriotza-tasa oso handia zen haien artean.
Mutikoak eskolara joaten ziren eta irakurtzen eta idazten ikasten zuten. Batzuek eskriba lanbidea ikasten zuten, baina horretarako denbora luzez ikasi behar izaten zen, eta nahiko garestia zen. Neska batzuek ere, irakurtzen eta idazten ikasten zuten, baina baita dantza eta musika ere.

Gainerakoek lanbide bat ikasten zuten lantegiren batean, edota aitaren lanbidea betetzeko prestatzen ziren.

Legearen aurrean, gizon eta emakume, berdinak ziren guztiak, baina gizonek soilik bete zitzaketen administrazioko karguak eta emakumeak etxeaz eta umeez arduratzen ziren; hala ere, emakume askok nekazaritzako zereginak ere egiten zituzten, edota zerbitzari, artisau, abeslari edo dantzari gisa lan egiten zuten; beste batzuk medikuntzan aritzen ziren. Ezkontzeko baimena aitari eskatzen zitzaion; baina maitasunari ere, garrantzi handia ematen zitzaion. Senarrak tratu txarrak ematen bazizkion, emazteak senarraren aurka salaketa jar zezakeen. Oso gazte ezkontzen ziren eta umeak ere oso gazte izaten zituzten, hamalau edo hamabost urte inguru zituztenean.

boto0012.gifEgiptoko artea


Egipton artista gehienak estatuko edo tenpluetako funtzionarioak ziren. Lanbide espezializatutako lantegietan ikasten zuten; lanerako beharrezkoak zituzten teknikak eta arauak irakasten zizkieten. Praktikotasun handiz lan egiten zuten: gauzek, ederrak izateaz gain, erabilgarriak izan behar zuten. Hasieran, eskultoreak eta margolariak faraoien, nobleen eta apaizen aginduak betez lan egiten zuten artisau xumetzat hartzen ziren. Inperio Berriaren garaian, gizartean gehiago baloratu ziren pertsona hauek.
egipto01zenbakiak.jpg

Arkitekturan hilobiak eta tenpluak izan ziren nagusi. Harriz egiten ziren, gehiago iraun zezaten. Mastabak izan ziren lehenengo hilobiak: piramide-enborraren formako eraikinak ziren. Gero, piramide mailakatuak egiten hasi ziren, eta elkarren gainean kokatutako mastabek osatzen zituzten piramideak; eta ondoren, faraoien eta horien familien, nahiz noble batzuen hilobi gisa erabiltzeko, horma jarraituko piramideak egiten hasi ziren. Famatuenak, Gizeh-ko Keops, Kefren, eta Mikerinos-en piramideak dira. Hipogeoak edo harkaitzean zulatutako hilobiak ere, erabili ziren.

Tenpluek, sarreran, esfingeen bidez apaindutako etorbide bat izaten zuten, eta sarrera nagusiak, dorreak, estatua handiak, eta obeliskoak erabiliz apaintzen ziren, faraoien ekintza famatuen oroigarri gisa. Barruan, herriaren bilgune gisa erabiltzen zen patio bat eta jainkoaren estatuaren kamera zeuden. Guganaino ondoen iritsi diren tenpluak, Karnak eta Luxorkoak dira, Tebasetik gertu.

Eskultura, arkitektura erlijiosoarekin eta hilobietakoarekin oso lotuta zegoen. Faraoien eta horien emazteen, apaizen, nahiz eskriben eskultura ugari egin ziren, kalitate handikoak gainera, eta, gehienetan, besoak gorputzari itsatsita eta hankak elkarren ondoan zituztela egiten ziren.

Horietako asko, izugarriak ziren eta harkaitzean lantzen ziren. Eguneroko bizimoduko jarduerak ere landu ziren egurrean, gero hilobietan kokatzeko. Gainera, hilobiak eta tenpluak apaintzeko erliebeak egin zituzten. Horien ezaugarri nagusiak ondokoak ziren: burua soslaiez izan ohi zuten eta sorbaldak aurrera begira, horrela jainkoek hobeto ezagutuko baitzituzten hiltzean.

Margolan asko ere eraikinei lotuta zeuden. Esate baterako, piramideen eta hilobien barrualdea lurperatu zen pertsonaren eguneroko bizimoduko alderdiak adierazten zituzten margolanekin apaintzen zen. Papiroetako idatziak ere, margolanekin apaintzen ziren.

Arte xeheak iaiotasun handiz landu zituzten, eta emaitzak ere halakoxeak izan ziren: bitxiak, edalontziak, zeramikazko ontziak, altzariak, sarkofagoak, brontzezko irudi txikiak etab. egin zituzten.

egipto01dinastias.jpg


Orrialde honen egilea- Igtorres Igtorres Apr 30, 2012 5:41 pm. Edizio guztiak: 3.