antiquite-03.gif


Erromatarren Konkista

Metal Aroaren hondarretik aurrera hainbat tribu bizi ziren Pirinio inguruan. Mendian bizi ziren eta familia-klanetan antolaturik zeuden.
Aipatutako tribu horiek akitaniarrak, baskoiak, barduliarrak, karistiarrak, autrigoiak eta beroiak ziren.

Alde atlantikoan nagusiki abeltzaintzan aritzen ziren; hegoaldean eta Akitanian, berriz, nekazaritzan.
Zenbait arkeologi indusketaren arabera, badirudi Ebro haranaren erdialdearen kontrola K. a. 179an hasi zela, antzinako Ilurcis-i (inondik ere zeltiberiarra jatorriz, baina baskoia geroagoko agirietako aipamenetan) Graccuris gailendu zitzaionean.

Lurralde honen konkista-prozesuan izandako gertaerarik garrantzitsuenak honako hauek dira:
1. Sertorioren Gerra:
Itxura denez, Pompeio enperadorearen agintaritzapean sortu zen Pompaelo (egungo Iruñea) K. a. 75. urtean, Sertorioren Gerraren testuinguruan.
2. Pirinioen Iparraldeko konkista:
Julio Zesarrek gauzatu zuen, K. a. 56. urtean akitaniarrei aurre egin ziena P. Craso bere ordezkari militarra izan bazen ere. III. mendetik aurrera lurralde honi Novempopulania izena jarri zioten.
3. Kantabriarren eta asturiarren kontrako kanpainak (K. a. 29 eta 19):
Augusto enperadorea buru zela gertatu ziren. Badirudi saltus vasconum (Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren iparraldea) barruan zeuden tribuak, hots, karistiarrak, barduliarrak eta autrigoiak erromatarren konkistaren aurka borrokatu zirela; baskoiak bizi ziren ager vasconum (Araba, Errioxa eta Nafarroa) zonaldea, berriz, agudoago bereganatu zuten erromatarrek.
Behin kanpainak bukatu ondoren, arku atlantiko oso-osoa Inperioaren barruan geratu zen.
Historialariak Estrabonen lekukotzan oinarritu ohi dira Penintsularen iparraldeko lurraldearen ezaugarri sozio-ekonomiko arkaikoen iraunkortasuna agertzeko orduan: ahaidetasuna da harreman sozialen bizkarrezurra; zelanbaiteko igualitarismo soziala, lurraren jabetza kolektiboan oinarritzen dena; produkzio-modu oinarri-oinarrizkoak; antzinako kultuei irmo eustea... Hala ere, oraintsu egin diren zenbait ikerketak zalantzan jartzen dute planteamendu hori.
Bai Imus Pyrenaeus-eko (egungo Donazaharre) eta bai Oiassoko (Irun) asentamenduak hain agudo sortu izanak agerian uzten du erromatarrek interes handia zeukatela komunikabide inportanteak kontrolatzeko eta saltus vasconum-eko meategietako baliabideak ustiatzeko, hala Aiako Harrikoak (Gipuzkoa), nola Banka eta Baigorrikoak (Nafarroa Beherea).
Ager vasconumen nekazaritzarako lur joriak zeuden, eta bertan laborantza-sistema berriak ikasi zituzten baskoiek: lugorriak eta sail ureztatuak, esaterako. Testigantza ugarik –batez ere testigantza epigrafikoak– islatzen dutenez, aipatutako lurraldeetan erromatarren ohiko eskema sozialei eusten zitzaien.
Hirien fenomenoa (urbs edo civitas) hain izan zen garrantzizkoa, ezen ardatz horren inguruan artikulatu baitziren botere politiko berriari lotutako lurraldeak. Erromatarren hizkuntzak, latinak, bertako hizkuntza guztiak desagerrarazi zituen, euskara izan ezik.
IV. mendetik aurrera, herri barbaroak mugak zeharkatzeari ekin zioten eta Inperioaren gainbehera hasi zen.

Erromatarren aztarnak

Iruñeko Gotorlekuaren (Pompaelo, K. a. 75ean sortua) hormak, Nafarroan aurkitutako mosaikoak, Irunen (Gipuzkoa) Santa Elenako ermitan egindako ehorzketak eta berriki aurkitu diren Oiassoko portuaren aztarnak. Aipagarriak dira, halaber, Iruña Okako aztarnategi arkeologikoak. Kulturalki berebiziko garrantzia duen gunea da Iruña Okakoa, gehienbat nolakoa den kontuan hartuz, dauzkan egituren mailagatik eta ederki gordetzen delako.

Informazio gehiago nahi izanez gero: